XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) apain eta deigarriena jantzi behar du emeren baten arreta lortu ahal izateko.

Kantua ere oso garrantzitsua da neska xarmanta liluratzeko, baina erropa ere zaindu egin behar da.

Zenbat eta jantzi polit eta koloretsuagoa, errazagoa izango da emea erakartzea.

Eta emearen kasuan alderantziz.

Espezie exotiko gutxi batzuetan izan ezik, emeak ez du inor erakarri beharrik, arrak direlako gainera datozkionak.

Bera da lasai-lasai itxaron, eta arrik gogokoena aukeratzen duena.

Horregatik, ez du kolore bizirik behar eta zenbat eta ilun eta apalagoa izan, hobeto; jantzi ilunek babes gehiago emango diote habian arrautzak eta txitoak zaintzen ari den bitartean.

Beraz, hegaztien koloreen esanahia hori da: arra koloretsua da emea erakartzeko eta emea ilunagoa, habia, kumeak eta bere burua babesteko.

Hasieran dagoen taulatxoa begiratzen baldin baduzue, kardantxiloaren taula eta txokarena oso antzekoak direla ikusiko duzue.

Gauza gehienetan, fringilido guztien jokaera jarraitzen du txokak ere bai.

Gorputzaren itxura, kantua, dieta... aurreko bosten oso antzekoa dira.

Bere amaibako joan-etorrietan harrapatuko dugu gehienetan, landarez landare eta adarrez adar hazi eta lora bila.

Orduan, argi ikusiko dugu fringilidoetan hain bereizgarria den hegaztada.

Hegan, zuzen egin beharrean, zibili-zaublean jarrita egongo balira moduan, gorakada eta beherakadaz betetako bide bati jarraituz egiten dute.

Oso espezie soziablea izanik, beti taldeka ikusiko ditugu.

Batzuetan, familiakoek osatutako taldeetan, eta bestetan, talde handiagotan.

Kumatu ere, sarri, bata bestearengan nahiko hurbil egiten dute, beti zuhaitz edo zuhaisketan.

Leku baketsuen maitale, hiriko bizi estresatutik ihesi irten da aspaldi.

Orain, zuhaitzak, otadiak, zelaiak eta txarak nahasian dauden tokietan bizi da.

Zuhaitz eta zuhamuskak habia egiteko behar ditu eta larre eta leku zabalak janaria bilatzeko.

Txoka ikusteko aukerako lekua Elorretatik Urkorako bidea da, hango ota edo otaberaren batera igota kantatzen, gustora egoten da eta.

Gelditzen diren artadi txikietan ere aurkituko dugu (Abontza eta Arrajolan, Lezeta inguruan...).

Inoiz ez dugu, ostera, pinudietan ikusiko.

Arrunta oraindik, txorruak moduan, beherantz egin du mendearen bukaera honetan eta ez da lehen bezain ugaria.

Edozelan ere, belarriak garbitu eta adi-adi entzuten baldin badugu, azkenean lortuko dugu bere ahots fina entzutea.

Gozatu.

Emea oso kolore apalekoa da (aurreko orrian); arrak, ostera, bekoki eta bular biziak ditu.